XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ITSAS BAINUEN ONDORIO ONURAGARRIAK

Aspaldanik ezagutzen dira itsas bainuen ondorio osasungarriak. Joan den mendeko burgesiak bere denbora librearen zati handia itsasotik hurbil pasatzen zuen eta gaur eguneko udaldietan hondartzak jendez gainezka agertzen dira.

Jakina da, itsasoan gorabehera asko daudela ondo sentitzeko lagungarriak direnak: ertzetik eta ur barrenetik ibiltzea, igeri, eguzki argiaz gozatu (eguzki erradiazioaz abusatu gabe) uhinen masaiaz lasaitu eta larrua zaindu modu naturalean, itsas urak daukan iodoari esker.

Ura tenperaturaren konduktore ona da eta, hotza nahiz beroa denez gero, organismoan bere eragina dauka. Itsas bainuak hartzen, ur gaziaren onura eta gorputzean uhinak egindako mugimenduarekin gozatu ezezik disfrutatu egiten da eguneroko bizitzak ematen ez dituen abantaila sail batez.

AURREZAINTZAKO TERAPIA

Itsas bainuak oso gomendagarriak dira min erreumatikoen arindurako eta odolaren zirkulazioa arintzeko. Gainera, itsas urak daukan iodoa larruarentzat ona da, bereziki larru koipetsu eta aknea dutenentzat.

Uhinen mugimenduak gorputza masaiatzen du, odolaren zirkulazioa gehituz eta ondorio lasaigarria eraginez.

Ur barrenean ibiltzea, gerriraino urperaturik, eginahal handiagoa bada ere, gomendagarria da zeren giharreek lan gehiago egin behar baitute eta, beraz, indartu egingo dira; gainera bihotzeko erritmoa azkartzen da.

Oinutsik ibiltzeak hondarraren gainean zangoen odol zirkulazioa gehitzen du; eta ez ahaztu oin azpietan gorputzaren organu guztiak erreflexatuak daudela.

IGERI EGITEA KIROL OSOENETARIKOA DA

Itsasoko uretan egindako bainuak guztiz dira aprobetxagarriak, bertan igeri egitea, gomendagarria da, kirol osoenetariko bat delako. Uretan murgildurik, gorputzak bere hamarrena pisatzen du eta junturak erlaxatzen dira.

Uraren erresistentziak giharreak azkartzen ditu eta laguntza handia da mugimenduaren terapian.

Fisioterapian, aditu askok diote igeriketa bizkar hezurreko deformazioak hobetzeko eta bizkarreko minak arintzeko oso kirol aholkugarria dela.